XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gizarajoak kurrixkaka aldegin zuen kapitana zegoen tokirantz.

- Kapitana! Kapitana! Deabru bat dugu untzi hontan, kapitana!- zioen dehadarka.

- Adizu, gizon - orroa egin zion kapitanak Queequeg-i -. Zer zabiltza horrela?.

- Zer du horrek - galdetu zidan Queequeg-ek nigana bihurtuz.

- Gizarajo hori ia hil zenuela - erantzun nion.

- Nik hori hil? Jai! Jai! Hori arraitxo kaxkarra; nik baleak bakarrik hiltzen!.

- Argi ibil hadi eta ez ezak berriz txorakeriarik egin; bestela igerriko diok!- ohartu zion kapitanak.

Baina une hartan ustegabeko bat gertatu zen.

Bela nagusia haizearen indar gogorraz tenkean zegoen; haizealdeko* haizealde: haizea nondik datorren alde hura bela-lokarria xehetu egin zen eta ezpeleta hegazkadak emanaz hasi zen txopa dena beretzat zuela.

Hegazkada haietako batek, Queequeg-ek astindutako mutila putzura bota zuen.

Denok beldurturik gelditu ginen.

Ezpeleta finkatzea zorakeria zirudien batera eta bestera balea haserretuaren beheko matrailezurra bezala zebilen eta.

Izu hartan Queequeg belaunikatu zen eta kuxkurtuta trebetasunez ezpeleta azpiraino ziriki-zaraka heldu zen, soka mutur bat amulartean lotu zuen eta, bere buru gainetik pasa zen batetan, beste muturra ezpeleta gainera bota zuen eta kateatzea lortu zuen.

Gero sokatik tira zuen eta pujetaga menderatua gelditu zen.